Bisoi europarra (Mustela lutreola)
Desagertzeko arrisku handienetakoa duten animalia-espezieetako bat da planeta osoan. Ibai-ekosistemaren degradazioak eragin berezia du bisoi europarrengan; izan ere, espezie horrek ibaietako baso naturalak eta hezeguneak behar izaten ditu bere bizialdiko zenbait etapatan
Bisoi europarra (Mustela lutreola) –edo ur-ipurtatsa– desagertzeko arrisku handienetakoa duten animalia-espezieetako bat da planeta osoan. Ibai-ekosistemaren degradazioak eragin berezia du bisoi europarrengan; izan ere, espezie horrek ibaietako baso naturalak eta hezeguneak behar izaten ditu bere bizialdiko zenbait etapatan. LIFE+BISOIAREN LURRALDEA proiektuaren helburua da espezie horren populazio onenak dituzten Nafarroako ibai-habitatak lehengoratzea, hau da, Aragoi eta Arga ibaietako behe-ibilbidea.
Arga eta Aragoi ibaietako behe-ibilbidea da Natura 2000 Sarean sartutako Batasunaren Intereseko Lekuetako bat; izan ere, ibai mediterraneoaren ezaugarri diren basoak daude bertan (galeria-basoak, lertxundiak eta sahastiak), baita, besteak beste, honako animalia-espezie hauek ere: bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba (Lutra lutra), apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis), amiltxoria (Nycticorax nycticorax), eta abar. Bestelako habitat interesgarriak ere badaude bi ibai horietan –meandroak, esaterako–, oso dinamikoak izaten baitira.
Europako ibai gehienetan bezalaxe, ibairako utzi den eremu eskasaren ondorio dira espezieen kontserbazio-arazoak. Urak har ditzakeen ordoki gehienak nekazaritza-soro edo makaldi bilakatu dira, udal baten jabetzakoak, oro har. Garai batean harri-kubetak eta defentsak eraiki ziren nekazaritza eta baso-plantazioak babesteko; Argaren kasuan, hain zuzen ere, ibilgua bideratu egin zen beheragoko lurretan zeuden herriak uholdeetatik babesteko.
Defentsa-azpiegitura horiek bi ibai horien dinamika gutxitu dute, eta, horren ondorioz, erabilgarri dauden habitat naturalak gutxiago dira orain. Horrek, bere aldetik, bertako dibertsitate biologikoa mugatzen du.
Ibai-ekosistemaren degradazioak eragin berezia du bisoi europarrengan; izan ere, espezie horrek ibaietako baso naturalak eta hezeguneak behar izaten ditu bere bizialdiaren zikloko zenbait etapatan. Eremu horretan espezie horren Nafarroako populazioaren %20 dago, baita Iberiar penintsulako populazioaren bi herenak ere –2/3–. Horrek erakusten du zer garrantzitsu den, espezieak zaintzeari begira, bi ibai horietako behe-arroko ibai-ekosistemak lehengoratzea.
Hori, bere aldetik, erantzukizun bat da, horretan eskumena duten agintariek ulertu dutena; izan ere, eremu horretan neurriak hartzea erabaki dute, bai ibai-ekosistema lehengoratzeko, bai bisoi europarraren kontserbazio-egoera hobetzeko.
Horregatik elkarlanean aritzen dira proiektu honetan Nafarroako Gobernua (ingurumen-arloari buruzko eskumena baitu), Espainiako Ingurumen Ministerioa eta Ebro Ibaiaren Uraren Agintaritza (urari buruzko eskumenak baitituzte). Honako bi enpresa publiko hauen bitartez egiten dute lan hori: GAVRN (Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa) eta TRAGSA (estatu espainiarraren enpresa publikoa). Tokian tokiko agintariek ere (12 udalerri) babesten dute proiektua.
Bisoi europarrak (Mustela lutreola) bere bizialdiaren zikloko zenbait fasetan erabiltzen dituen habitatak lehengoratzea da proiektuaren xedea, Aragoi eta Arga ibaietako behe-ibilbidean. Eta, zeharka, bisoi europarraren populazioaren beraren kontserbazio-egoera ere hobetu nahi du proiektuak.
Helburu hori lortze aldera, Ibai-Lurralde kontzeptua aplikatzea proposatzen da, biodibertsitatea zaindu eta egoera ekologiko ona lortzeari begira; hori guztia, jakina, modu bateragarrian bertako herrien interesak hobetzearekin.
Bisoi europarraren habitat potentziala ibai-lurraldean lehengoratzearen eta hobetzearen xedea da eremu horretako bisoi europarraren populazioa lehengoratzea eta handitzea. Horrek ziurtatuko du espezieak eremuan irautea eta inguruko populazioen banakoak suspertzen laguntzea.
Espezieak bizi-zikloa osatzeko behar dituen ordokiak –urak har ditzakeenak– eta habitat naturalak lehengoratzeak aukera emango du Europako ibaien kudeaketari buruzko hiru zuzentarauak modu koordinatuan aplikatzeko: Habitaten Zuzentaraua, Uraren Esparru-Zuzentaraua eta Uholdeak Prebenitzeko Zuzentaraua. Halaber, espero izaten da modelo horren aplikazioa eredugarria izango dela beste ibai mediterraneo batzuk kudeatzeko.
Jarduteko bi arlo nagusitan eratzen da proiektua:
ABITATAREN KUDEAKETA
KOMUNIKAZIOKO ETA PARTE HARTZEKO KANPAINAK
Habitataren kudeaketari dagokionez, urak modu naturalean har ditzakeen ordokiak lehengoratzeko proiektuak gauzatuko dira, gaur egun nekazaritza-soroek eta baso-plantazioek hartuta baitaude. Aurreikusita dago lursail pribatuak erostea eta lur publikoen erabilera-eskubideak alokatzea, lehengoratzekoak diren ordoki alubialetan jarduerak garatzeari uztearen ondorioz galdutako etekinak orekatzeko.
Jabe pribatuekin eta udalerriekin akordioak lortuta, harri-lubetak kendu eta habitata lehengoratzeko lanak hasiko dira.
Arreta berezia jarriko da bertako landare-espezieak eta horren barietateak landatzeko. Hori ziurtatzeko, mintegiak egiten dira behar den landare-materiala ekoizteko, bertan bildutako hazietatik abiatuta. Bestalde, espezie inbaditzaileak kenduko dira, dibertsitate biologikoa murrizten baitute, eta kaltegarriak baitira bertako espezieak kontserbatzeko.
Komunikazioko eta parte hartzeko ekintzei begira, proiektuari buruzko informazio-gune finko bat prestatuko da; bestalde, hainbat jarduera ere gauzatuko dira, honako hauek, besteak beste: ingurumen-arazoei buruzko kanpaina espezifikoak (espezie inbaditzaileak), kale-animazioko ekintzak, heziketarako programa eskola-komunitatearentzat, bilkurak eta hitzaldiak prestatzea eta horietara bertaratzea, boluntariotza-programa bat, eta herritarrek parte hartzeko prozesu zabal bat. Ekintza horietako batzuk bertako biztanleriarengana zuzentzen dira modu espezifikoan, nahiz eta gizarte osora iristea espero den.
Jarduteko eremua:
Ikusi LIFE Bisoia jarduteko eremua mapa handiagoan
Jarduteko mapak:
Proiektua gauzatu eta gero, ibai-ekosistemaren hobekuntza integral bat lortzea espero da, eta, horren ondorioz, bisoi europarra eta bere habitata lehengoratzea eta hobetzea inguru horretan, bide batez horrek dituen mehatxuak murriztuta.
Inguruko bazter asko lehengoratuko dira helburu diren espezieetarako eta euren habitatetarako eremuak duen karga-gaitasuna hobetze aldera. Honako hauek dira bazter horiek: meandroak, hezeguneak, ordoki alubialak, ibarbasoak eta ibaien ibilguak. Bestalde, gizarteak naturaz, ibai-lurraldeaz eta biodibertsitatearen kontserbazioaz duen balorazioa nabarmen aldatzea ere espero da, baita horiekiko jarrera, pertzepzio eta jokabidea ere.
- Asociación Española de Ingeniería del Paisaje (AEIP)
- Dirección General de Desarrollo Sostenible y Biodiversidad del Departamento de Medio Ambiente del Gobierno de Aragón
- Instituto Pirenaico de Ecología del CSIC
- Centro Ibérico de Restauración Fluvial (CIREF)
- WWF/Adena
- Centro de Estudios y Experimentación de Obras Públicas (CEDEX)
- Centro Italiano per la Riqualificazione Fluviale (CIRF)
- Colegio Oficial de Biólogos (COB)
- Centro Ibérico de Restauración Fluvial (CIREF)
- LIFE programaren bideoak
- Proyecto LIFE LUTREOLA SPAIN
GESTIÓN AMBIENTAL DE NAVARRA, S.A.
- Padre Adoain 219 bajo 31015 PAMPLONA