Prestakuntza-ekintzak

Proiektu eraikitzaileak idaztea beharrezko urratsa da lehengoratze-jarduketa bat sortzearen eta hori ekintza zehatzen bidez gauzatzearen artean. Proiektuan islatu behar dira lehengoratzea arrakastatsua izan dadin beharrezkoak diren xehetasunak: lurren mugimendua, landatze-esparruak, zenbat oin landatu behar diren, espezieak, eta abar.

Aurreikusitako jarduketa bakoitzeko, proiektu bat idatziko da, honako hauek guztiak bilduko dituena: txosten tekniko bat (txosten horretan zenbait gauza azalduko dira: helburuak eta horiek betetzeko egin beharreko jarduketak, ingurumen-analisia, jatorrizko egoera adierazle neurgarriekin eta jarduketaren aurrekontu osoa); obra behar bezala egiteko behar diren planoak; segurtasun eta osasunari buruzko azterketa bat; aurrekontuak xeheki azalduta; jarraipen-programa bat; eta obrak esleitzeko beharrezkoak diren jarraibide teknikoen pleguak.

Proiektu batzuentzat jasotze topografikoak egin beharko dira, eta lursailak urez bete daitezkeen edo ez jakinaraziko duen modelizazio hidraulikoa ere egin beharko da. Horri esker, eremua lehengoratzeko egokiena den konponbideari buruzko erabakiak hartu ahal izango dira, eta jarduketak iraunkorrak izango dira ingurumenari dagokionez.

Gainera, proiektu eraikitzaileak beharrezkoak dira obren azpikontratazioa egiteko, eta eskumena duten agintariek (Nafarroako Gobernua, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa eta Udalak) baimena eman diezaieten obrei, gauzatu ahal izateko.

Ekintza horretan, aurreikusten da idatziko direla C1, C2, C3 eta C4 ekintzen barnean dauden jarduketak egiteko beharrezkoak diren proiektu guztiak.

Lehengoratzeko jarduketetan erabili behar den landarea bertako espeziea eta barietatea izatea funtsezkoa da lehengoratu beharreko eremuko balio ekologikoak zaintzeari begira.

Helburu hori zaila da batzuetan, espezie asko ez baitaude merkatuan, edo egonez gero, maiz ez dira zehazki lehengoratzeko eremuan daudenak.

Bertakoak ez diren barietateak sartzea esku-sartze larria izan daiteke, bertako espezieen pool genetikoari kalte egin diezaiolako; horrek kalte handia egingo lioke biodibertsitatea kontserbatzeari. Horregatik, eremuan bildutako haziak eta propaguluak erabiltzea funtsezkoa da balio ekologikoak zaintzeko.

Gestión Ambiental de Navarra enpresaren instalazioetan garatuko dira (baso-mintegiak) hazi eta propagulu horiek; Iruñean, Funesen eta Martzillan daude. Mintegi horietan bertako landareen erneketa eta hazkuntza egiten da. Ia espezie guztiekin lan egiteko prestatuta daude instalazio horiek, beraz. Landaredi akuatikoari eta helofitikoari dagokienez, instalazioak ez daude prestatuta; hartara, beharrezkoa izango da inbertsioa egitea piszinak eraikitzeko eta erabilgarri dauden instalazioak egokitzeko. Gainera, mintegiko langileek prestakuntza espezifikoa jaso beharko dute laborantza mota horiekin aritzeko.

Landare-espezie aloktonoek ibai-ekosisteman duten eragina honako hauen ondorioa da gehienbat: baliabideak lortzeko lehia (argia, ura, elikagaiak); espazioa lortzeko lehia –habitata aldatzeraino irits daiteke–; edo bertako espezieekin egindako hibridazioa. Animalia-espezieek bestelako eraginak ere badituzte, esaterako, harraparitza eta gaixotasunak sartzea.

Proiektuaren helburuetako bat da espezie aloktono inbaditzaileak desagerraraztea, bai florakoak, bai faunakoak.

Florari dagokionez, desagerrarazi behar diren flora-espezie exotiko eta inbaditzaileak dauden eremuen inbentario kartografiko bat egitea proposatzen da: kanabera (Arundo donax), sasiakaziak (Robinia pseudoacacia), ailantoa (Ailanthus altissima) eta makalen klonak (Populus sp.). Gainera, beharrezkoa da desagerrarazteko erabili behar den metodologia zehatza idaztea; beste leku batzuetan gai horretan egindako aurrerapenetan egongo da oinarrituta, horren eraginkortasuna baieztatu baita.

Faunari dagokionez, protokolo bat idaztea proposatzen da Floridako apoarmatua (Trachemys scripta) desagerrarazteko, apoarmatu istilzalearen (Emys orbicularis) populazioetan duen eragina saiheste aldera..

Lursailak erostea edo alokatzea eta ordainsariak erabilera eskubideengatik

Ibai-eremua lehengoratzeko, beharrezkoa da Aragoi eta Arga ibaien ertzetan dauden lursail komunaletan lan egitea (udalenak dira). Horregatik, proposatzen da udalekin akordioak lortzea habitatak lehengoratzeko potentzialki egoki identifikatu diren lursail komunalen erabilera-eskubideak alokatzeko.

Biodibertsitatea kontserbatzeari begira egoki erabiltzen ez diren (baso- edo nekazaritza-laborantzak) 86 partzela (408 ha) identifikatu dira Natura 2000-ko mugen barnean. Proposatutako akordioak dira udalari ordaintzea bisoiarentzako ibarbaso naturalak edo hezeguneak lehengoratzea proposatzen den lursailetan makal-plantazioak mozteagatik lortu gabeko irabaziak. Bestalde, ibarbaso bilakatzeko potentzialtasuna duten nekazaritza-soroetan lehengoratze-ekintzak egiteagatik lortu gabeko irabaziak udalari ordaintzea ere proposatzen da.

Identifikatutako partzelak, Natura 2000 sarean barne egoteaz eta kontserbaziorako interes handia duten habitatak lehengoratzeko potentzial handia izateaz gainera, urak hartuta gelditzen dira maiz (gutxienez bost urtetik behin); horren ondorioz, laborantzek errendimendu txikia dute, eta administrazioek inbertsio handia egin behar dute defentsak eta ureztatzeko azpiegiturak mantentzeko.

Beste kasu batzuetan, ibai-eremua lehengoratzeko proposatzen diren lursailak titulartasun pribatukoak dira; hartara, erostea proposatzen da, soluzio bideragarriena delakoan. Behin erosketa eginda, honako konpromiso hau eskatuko zaie udalei: udal araudiak babestutako eremuak izendatzea partzela horiek, lehengoratutako habitatak kontserbatzera bideratuko baitira modu mugagabean.

Eremu horiek egun duten babes-maila edozein dela ere (eremu naturalak kontserbatzeko erregio-legeriaren arabera), toki-entitateek horiek kontserbatzeko babes-maila egokiak ematea bilatzen da, bere lurraldeko hiri-antolamenduan dituen eskumenekin bat.

Honako hau da proposamena: udalek beharrezkoak diren aldaketak egitea beren lurraldeko hiri-antolamenduan, erositako eta lehengoratutako lursailak “babesteko zoru” edo “preserbatzeko zoru” gisa jo daitezen. Horrela, helburua da toki-komunitateek toki-mailan barneratzea, zaintzea eta kudeatzea eremu horien kontserbazioa, baita ere, etorkizunari begira.

Nafarroak tradizio zabala eta luzea du hirigintza-legeria erabiltzen eremu natural baliotsuak kontserbatzeko; horrek, eremu naturalen ingurumen-legeria espezifikoarekin batera, aukera eman du horiek kontserbatzeko aldi erlatiboki luze batean. Izan ere, Nafarroako lehenbiziko eremu naturalak, ibai-tarte horretako Natur Erreserbak barne, hirigintza-arau baten bitartez izendatu ziren hasieran –uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea, Lurraldearen Antolamendua eta Hirigintzari buruzkoa–.

Proiektua garatzeko aldian, identifikatutako azaleraren %50 erostea espero da, gutxi gorabehera, hau da, lursail pribatuen 29 ha inguru.

Ibai Habitataren Kudeaketa


Atal horretan ibai-ekosistemaren kontserbazio-egoera hobetzera bideratutako jarduketak sartzen dira, inguruak proiektuaren helburu diren espezieak eta habitatak hartzeko duen gaitasuna handitze aldera: bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba (Lutra lutra), apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis), lertxun gorria (Ardea purpurea), amiltxoria (Nycticorax nycticorax), Populus nigrak eta Populus albak osatutako galeria-basoak, Tamarix gallicak osatutako basoak, legar-hobiak kolonizatzen dituen landaredi nitrofiloa edo belar nitrofiloak, urtekoak zein iraunkorrak.

Ekintza horren bidez lubetak ezabatu edo atzeratu nahi dira –uholdeak saihesteko eraikitako defentsak dira horiek–, ibai-lurraldea handitzeari begira. Beharrezkoa da ibai-sistemen dinamika naturala babestea lurralde-kudeaketa zuzena egiteko, ekosistemak hobetzeko eta arriskuak eta lotutako kostuak ahalik eta gehiena murrizteko; horrela, honako zuzentarau hauek agindutakoa betetzen da: Habitatak (1992/43), Uraren esparrua (2000/60), eta Uholdeak (2007/60).

Biodibertsitatea kontserbatzeko ikuspuntutik jarduteko eremuak dituen arazoen gainean egindako diagnostikoak erakusten du laborantzek eta makal-plantazioek ibai-eremua okupatzea dela arazo larrienetako bat hainbat espezie garrantzitsu kontserbatzeari begira, esaterako, bisoi europarra (Mustela lutreola). Garai batean naturalki urez betetzen ziren ordokiak zeuden eremu horretan, eta, horrela, urak noizbehinka modu naturalean hartzen zituen ibarbasoak eta larreak egoten ziren; utzitako hezegune eta meandro horiek oso garrantzitsuak ziren espezie asko kontserbatzeko, baina, duela zenbait hamarkada, alde horiek humanizatu egin ziren nekazaritzarako eta baso-plantazioetarako lurrak irabazteko. Laborantzak eta makaldiak lubeten bitartez babestu ziren uholdeek har ez zitzaten; ordea, traba horiek ibaiaren dinamika naturala galarazi eta aurrerago zeuden beste alde batzuetan eragiten dituzte uholdeak.

Ibai-lurraldean ibilgu txikiago bat eta ibaiertzeko korridore bat daude, babestuta, baita defentsarik gabeko erabilera humanoak ere; erabilera horiek urbanizaezinak, ziurtatuak edo bateragarriak dira uholdeekin eta ertzen higadurarekin, eta ibaiaren dinamikak aukera ematen du ibaiertzeko ekosistema naturalak lehengoratzeko.

Proposatutako ekintzek urez bete daitezkeen ordokiak lehengoratzeko aukera emango dute, bai eta ekosistema natural garrantzitsuak lehengoratzeko ere; udako hilabeteetan gauzatuko dira, abuztu eta iraileko ur-emari eskasa baliatuta. Lubetak dauden 2.620 metro lineal kentzeko edo atzeratzeko proposatzen du proiektuak –horri esker, uholdeak modu naturalean zabalduko dira–, baita urez bete daitezkeen ordokien 29 ha-ko habitat naturalak lehengoratzeko ere.

1 Ollero, A. (2007). Territorio Fluvial. Diagnóstico y propuesta para la gestión ambiental y de riesgos en el Ebro y los cursos bajos de sus afluentes. Bakeaz. Fundación Nueva Cultura del Agua, 255 or.

Arga ibaiaren ubidea eraikitzeak, 80ko hamarkadan, lehengoratu nahi diren meandroen mozketa artifiziala eragin zuen. Harrezkero, meandroek hondatze-prozesu motel bat izan dute, urak ez berritzearen ondorioz, horrek inguruko ertzetako basoak lehortzen baititu, eta lohiz betetzen baita ibilgu zaharra, lohi finak pilatuta. Meandroen birkonexio hidraulikoa eginda, uholdeek ibilgu zaharrean pilatutako lohi finak garbitu eta helburu diren habitatak urez beteko dira, bertako kontserbazio eta birsorkuntza naturala ziurtatuta.

Egungo ibilguaren eta utzitako meandroen arteko kota-aldeak aukera emango du fluxua berreskuratzeko soilik ohiko uholdeetan (2-3 aldiz urtean), baina hori nahikoa izango da eremu berezi horien dinamika naturala berpizteko, eta oso garrantzitsuak dira horiek bisoi europarra (Mustela lutreola) kontserbatzeko.

Birkonexioa egiteko, ibilgu zaharraren sarrera hondeatuko da (orain buxatuta) edo ura zirkulatzea galarazten duten azpiegiturak iragazkortuko dira: lubetak, zeharkako bideak, eta abar. Utziak dauden honako meandro hauetan egingo dira lanak:

  • Soto de La Muga (Azkoien)
  • Soto de Santa Eulalia (Azkoien)
  • Sotosardilla (Funes)

Utzitako meandroak dira bisoi europarrak nahiago duen habitata kumeak izateko, habitat horretan babesa eta ehizan aritzeko lekuak aurkitzen dituelako. Gainera, badira habitat horiek erabiltzen ohi dituzten bestelako populazioak ere –igaraba (Lutra lutra), apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis), lertxun gorria (Ardea purpurea) edo amiltxoria (Nycticorax nycticorax)–, eta horiek ere onura lortuko dute ingurune berezi horiek lehengoratzeko jarduketen ondorioz. Udako hilabeteetan gauzatuko dira jarduketak, abuztu eta iraileko ur-emari eskasa baliatuta.

Ibai-ekosistemek azken hamarkadetan jasan duten homogenizazioak zenbait habitat dibertsifikatzaile galtzea ekarri du, eta horiek funtsezkoak dira bisoi europarrak bizirik irauteko –esaterako, ibilgu nagusiaren ondoko hezeguneak–.

Nekazaritzak eta baso-laborantzek urak har ditzaketen ordokiak hartu izanak, eta haiek babesteko lubetak eta harri-lubetak eraiki izanak, hezeguneak desagerrarazi dituzte ibai-paisaiatik, eta bisoi europarrak horiek erabiltzen zituen ugalketarako. Espezie horrek bazter lasaiak aurkitzen ditu eremu horietan, egokiak ehizan aritzeko eta kumeak hazteko.

Baina, gainera, hezegune eta sakan-bukaera horiek lehengoratzeak garrantzi estrategikoa du habitat horiexek erabiltzen dituzten beste espezie batzuentzat, esaterako, apoarmatu istilzalearentzat (Emys orbicularis) edo igarabarentzat (Lutra lutra), baita bertan izaten diren ur-hegaztientzat ere –lertxun gorria (Ardea purpurea) eta amiltxoria (Nycticorax nycticorax) nabarmentzen dira–.

Proiektuak proposatzen du hezeguneak eta sakanetako ibai-ahoak lehengoratzea, funtsezko garrantzia duten habitatak baitira bisoi europarraren ugalketa-zikloan. Lau eremu identifikatu dira, Arga eta Aragoi ibaien ibilguen ondoko hezeguneak lehengoratzeko aukera eman dezaketenak –azken mendean galdu dira horiek–. Halaber, badira sakanetako bi ibai-aho, habitata lehengoratzeko modukoak, espeziearentzat egokiagoa bihurtzeko. Jarduteko sei eremuetatik, lehentasuna duten hiruetan aritzea proposatzen da, beste hirurak erreserban utzita.

Hiru kasu horietan hezeguneak sortzea proposatzen da, antzeko ezaugarriak izango dituztenak: lursaila modu irregularrean hondeatzetik abiatuta, hezeguneak sortzea bilatuko da, ahalik eta desberdinenak eta naturalenak; horietan sakonera gutxiko aldeak sortuko dira helofitoek koloniza ditzaten; eta beste alde sakonago batzuk, ziurtatzeko ur libreko geruza bat izango dela hezeguneen alde batean. Ibaiertzak oso zabalak izango dira, eta horrek bidea emango du, natura-ingeniaritzako (edo bioingeniaritza) teknikak erabilita ibaiertzetako landaredia birsortzeko. Erdiko aldean irla bat utziko da hondeatu gabe, intereseko faunarentzako babeslekua izango dena. Honako hauek dira proposatutako eremuak:

  • El Escueral (Murillo el Fruto)
  • Rinconar (Santakara)
  • Filtro verde de Sotosardilla (Funes)
  • Soto de Traibuenas (Murillo el Cuende)
  • Molinar (Azkoien)
  • La Biona (Murillo el Fruto)

Jarduketa horiek geldialdi begetatiboko hilabeteetan egingo dira (azarotik otsailera), landaketak arrakastatsuak izan daitezen errazteko. Gutxienez, bisoi europarrak erabiltzeko moduko hiru hezegune sortzea espero da, guztira, 7,6 ha-ko azalera izango dutenak.

Ekintza horren helburua da Habitatak Zuzentarauan –eta, beraz, interesekoak kontserbaziorako– dauden ibai-habitatak lehengoratzea, bisoi europarrak (Mustela lutreola) erabiltzen dituenak.

Hainbat modutan lehengoratuko dira habitat horiek, jarduteko eremu bakoitzaren ezaugarrien arabera –ezaugarri edafologikoak eta urez betetzeko baldintzak hartuko dira kontuan–. Zenbaitetan, helburu diren habitat bakoitzeko bertako espezieak landatuko dira, esaterako, 92A0 (Populus nigrak eta Populus albak osatutako galeria-basoak) edo 92D0 (Tamarix gallicak osatutako basoak) ekintzak. Horretarako, beharrezkoa izango da honako ekintza hauek gauzatzea: eremu horiek urak hartzea galarazten duten azpiegiturak kentzea (lubetak, eta abar) –C.1 ekintza–, lursailak berriz profilatzea lehen zuten egoera naturala itzultzeko –aldatu baita nekazaritzan edo basogintzan aritzeko–, pistak ixtea ibilgailu motordunak ez sartzeko, eta abar. Kasu horietan lehengoratze aktiboa sustatzen da, eta, hai zuen ere, horietan garrantzitsua da erabili behar den landarearen jatorri autoktonoa ziurtatzea. Hori egiteko, eremuan bildutako haziak haziko dira mintegietan (A2 ekintza).

Beste batzuetan, habitat batzuen lehengoratze espontaneoa sustatuko da, esaterako, 3270 (legar-hobiak kolonizatzen dituen landaredi nitrofiloa) edo 3280 (belar nitrofiloak, urtekoak zein iraunkorrak) ekintzak; horretarako, bere garapen naturala galarazten duen faktore mugatzailea kenduko da (artzaintza, adibidez).

Jarduketa gehienetan hezegune berriak eta, aldi berean, kasu bakoitzean proiektatutako ibarsoto edo larre hezeak sortzea bilatuko da; horrela, zenbait habitat egokik osatutako sorta interesgarria sortuko da helburu diren espezieentzat (bisoi europarra –Mustela lutreola–, igaraba –Lutra lutra–, eta apoarmatu istilzalea –Emys orbicularis–).

Jarduketa horiek ere geldialdi begetatiboko hilabeteetan egingo dira (azarotik otsailera), landaketak arrakastatsuak izan daitezen errazteko. Lanak egiteko behar diren landare guztiak GAVRN enpresaren mintegietan egingo dira, eta proiektuari emango zaizkio ekoizpen-prezioari deus ere gehitu gabe (A2 ekintza).

92A0, 92D0, 3270 eta 3280 habitatak lehengoratzea espero da, gutxienez, 17 jarduketa-eremutan; guztira, 230 ha habitat natural lehengoratuko dira. GAVRN enpresak egindako dokumentu bat –Bisoi europarrak eta bere habitatak kontserbatzeko jarraibide eta gomendio teknikoak– izango da C.4 ekintzan –baita habitatak lehengoratzeko beste ekintza batzuetan ere– egingo diren lehengoratze-jarduketa guztien oinarria.

Ekintza horretan jarduketa erakusgarri batzuk egingo dira proiektuaren jarduketa-esparruan espezie aloktono inbaditzaileak ezabatzeari buruz, A3 ekintzan aurretik egindako protokoloak gauzatzearen bitartez.

Ekintza horretan aurreikusten da proiektuaren eremuan dauden espezie aloktonoak eta inbaditzaileak kentzea, esaterako, kanabera (Arundo donax), sasiakaziak (Robinia pseudoacacia), ailantoa (Ailanthus altissima), makalen klonak (Populus sp.) eta Floridako apoarmatua (Trachemys scripta).

Landare-espezie horiek desagerrarazteko modua espezie bakoitzaren araberakoa izango da, baina, oro har, beste toki batzuetan arrakastaz erabili diren metodoak erabiliko dira, besteak beste, Katalunian (Agencia Catalana de l’Aigua). Ez da metodo kimikorik erabiliko urak ez kutsatzeko; aitzitik, metodo mekanikoak bai erabiliko direla horiek desagerrarazteko, esaterako, atzerakako hondeamakina (kanaberaren kasuan, erraz iristeko moduko lekuetan hazten baita) eta eraztuna (zuhaitz-espezieen kasuan).

Floridako apoarmatuaren kasuan, tranpak jarriko dira proiektuaren eremuan dauden espezie horren habitat potentzialetan (hezeguneak, ureztatzeko urmaelak), espezie hori zer lekutan banatzen den identifikatzeko. A.3 ekintzan egindako protokoloaren arabera zehaztuko da tranpak jartzeko protokoloa. Harrapatutako aleak Nafarroako Gobernuak Ilundainen duen Basa Faunaren Errekuperazio Zentrora eramango dira, eta adopzio-programan sartuko dira (Floridako apoarmatuak ematen ditu apoarmatu istilzaleen truke, azken horiek aske uzteko helburuarekin).

Sentsibilizazio publikoea eta emaitzen berri zabaltzea

Teknologia berriak (irudia, webgunea, foroak, buletin elektronikoak, eta abar) eta beste baliabide batzuk (landa-bisitak, foiletoak, prentsa-artikuluak eta -oharrak, eta abar) konbinatzeak aukera emango du proiektuari buruzko informazio hau helarazteko gizarte osora: proiektua justifikatzen duten arazoak, planteatutako helburuak eta espero diren emaitzak.

  • Ikus-entzunezko edizioa
  • Hedapen- eta sustapen-materiala egitea eta banatzea:
    • Informazio-buletin elektronikoa, sei hilean behin.
    • Sustapenerako artikuluak
    • Informazio-panelak
    • Layman´s report
    • Komunikabideen bidezko kanpainak
  • Espezie exotikoei buruzko kanpaina
  • Animazio-kanpaina
  • Informazio-gunea

Ingurumen-heziketarako kanpaina hori proiektuaren esparruan dauden udalerrietako eskola-komunitatearentzat da, baita gazte-elkarteentzat ere:

  • Heziketarako programa Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloentzat eta DBHko 1. eta 2. zikloentzat: hezkuntza-materialak egin behar dira (gidaliburu didaktikoa, landa-koadernoa, landa-bisitak, laguntzeko materialak...). Programa urtean behin egiten da eta ikasleei zein irakasleei eskaintzen die ikasgelan egiteko lan-saio bat eta landa-bisitak egitea (bertako ibai-tarte batera).
  • Gazte-elkarteentzako jolas-programa: heziketarako programaren bertsio ludikoagoa da, hezkuntza formaleko sektorearentzat; xedea da proiektuaren helburuak eta ekintzak gazteengana hurbiltzea bere aisialdian.

Bi programak osatzeko, bi lehiaketa antolatuko dira proiektuaren gaiari buruz: "Urteko argazki-lehiaketa” eta “Urteko pintura-lehiaketa”. LIFE proiektuan aritzen diren toki-agente guztiek har dezakete parte lehiaketa horietan (antolakuntzakoak, udalerri bakoitzean azaltzen dutenak, epai-mahaikideak, materiala, sariak...).

Proiektu horretako helburuak berriak dira eta aldaketa garrantzitsu bat dakarte azken hamarkadetan ibaiari lotutako guztia kudeatzeko moduarekin alderatuta. Horregatik, funtsezkoa da gizartearen esparru guztiek parte-hartzea proiektu horren garapenean eta emaitzetan (proiektua orain kudeatzen ari diren pertsonak eta gero kudeatuko dutenak). Gainera, ikasleen sentsibilizazioa (bereziki ingurumen-gaietan) familia-ingurura zabaltzen da; beraz, sendotu egiten ditu proiektuaren beraren komunikazio-helburuak.

Espero da ikasturte bakoitzean eremuko ikastetxeetako 1000 ikaslek baino gehiagok parte hartzea kanpaina horretan, baita 200 gazte-elkartek ere.

Proiektuak iraun bitartean hartu, sortu, pilatu, partekatu eta erabili behar den ezagutzaren kudeaketa eraginkorrena bilatzen da, honako ekintza hauen guztien bitartez:

Mintegiak, zientzia eta dibulgazio eskuizkribuak eta beste heziketa-ekintza batzuk.

  • Nazioarteko mintegi bat antolatzea, ibai-dinamika eta bisoi europarraren (Mustela lutreola) habitatei buruzkoa. Erregio, estatu eta Europako mailan ospe handiena duten adituak eta zientzialariak izanen dira bertan, espezialitate guztietakoak.
  • Mintegirako argitalpen bat egingo da, egindako hitzaldien eta eztabaiden emaitzak bilduko dituena. Proiektuaren webgunean egonen den bertsio digitalaz gainera, argitalpen horren 1000 ale argitaratuko dira, gaztelaniaz zein ingelesez.

Lanbide heziketaren babes programa.

Proiektu horrek zalantzarik gabe sortuko dituen esperientzia eta ezagutza guztiak baliatuko dira zenbait titulazioren prestakuntza osatzeko –ingurune naturala kontrolatzeari eta zaintzeari lotutako titulazioena, eta erabilera publikoko jardueren garapenari lotutako titulazioena ere bai–. Honako hauek dira ikasleek parte hartzeko moduko ekintzak:

  • Praktikak Lehen Hezkuntzari, BDHri eta gazte-elkarteei zuzendutako heziketarako programaren garapenean.
  • Joatea, bai eta laguntzea era, landa-bisitetara, tailerretara eta parte hartzeko prozesuan egindako bestelako ekintzetara.
  • Praktikak gainerako sentsibilizazio-kanpaina espezifikoen garapenean.
  • Arreta proiektuaren informazio-gune finkoan.

LIFE-BISOIAREN LURRALDEA proiektuak elkarrizketa aktibo bat ezarriko du zenbait interes-talderekin, horiek proiektuan garatu beharreko planifikazioan, ezarpenean edo ebaluazioan inplikatzeko.

  • Talde teknikoak garatuko ditu proiektuak, eta zabalik dago horiek aldatzeko aukera, gizarteak parte hartzeko prozesutik etorritako ekarpenen arabera.
  • Agente sozialak talde fokalak dira, inplikatutako udalerrietako pertsonak, proiektuari ekarpenak egin eta hori ikuskatu eta garatzen laguntzen dutenak.
  • Dinamizazioaz eta parte-hartzeaz arduratzen den taldeak talde-dinamiketan adituak diren pertsonak ditu; planifikazio estrategikoari buruzko prozesuei lotutako parte-hartze prozesuetan esperientzia ziurtatua dute horiek..

Honako hauek dira parte hartzeko prozesuan sartutako ekintzak:

  • Proiektuari buruzko informazio-saio “orokorrak”.
  • Saio espezifikoak jarduketei (lanei) buruzko eztabaida egiteko.
  • Landa-bisitak proposatutako jarduketak bertatik bertara ezagutzeko eta eztabaidatzeko.

Parte hartzeko prozesua osatzeko, ingurumen-boluntariotzari buruzko ekintzak egingo dira, balio naturaletan eragin zuzena izango dutenak. LIFE proiektuak eremuan dauden boluntarioen potentziala baliatu behar du lankidetza-programa bat ezarrita; besteak beste, honako ekintza hauek egin daitezke horretan:

  • Obretarako ezarritako adierazleen jarraipena.
  • Ikasitako eta proiektuari lotutako intereseko espezieen jarraipena.
  • Inplikazioa parte hartzeko prozesuaren beraren saioetan eta jardueretan.

Helburua da proiektuan inplikatutako biztanleria-sektore guztiek parte hartzea prozesuan, baita beren egitea ere.

Proiektuaren kudeaketa eta jarraipena

GAVRN izango du LIFE+ proiektua kudeatzeko ardura, bai arlo tekniko-administratiboan eta kudeaketakoan, bai proiektuaren koordinazioan.

Proiektuaren jarraipena egiteko batzorde bat sortuko da, eta horretan bi onuradunak egonen dira ordezkatuta (GAVRN eta TRAGSA), bai eta bi enpresa publiko horien lana baliatzen duten administrazioak ere: Nafarroako Gobernua, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa eta Ingurumen Ministerioa. Batzorde hori, gutxienez, sei hilean behin bilduko da.

GAVRN enpresako teknikariek egingo dituzte honako lan hauek guztiak: proiektuan programatutako jarduketen jarraipena; eta horiek egiaztatzeko txostenak idaztea, baita Batzordeari, prentsari eta toki-entitateei informatzekoak ere.

Gainera, kanpoko entitate bati azpikontratatuko zaio ekintzen bilakaerari buruzko ebaluazio bat, proiektuaren funtzionamenduari buruzko ikuskapen egokia eta egiazkoa egite aldera. Materia bakoitzean esperientzia ziurtatua duten talde independenteek egingo dute kanpo-ebaluazio hori. Ebaluatzaileek txostenak egingo dituzte, helburuen betetze-maila egiaztatzeko iturri gisa erabiliko direnak.

Kanpo-ebaluazio horrek barne hatzen du iritzi-azterketa bat egitea LIFE proiektuaren hasieran eta bukaeran; horren bidez neurtuko dira, bai kantitatean, bai kalitatean, komunikazio-ekintzak garatzearen ondorioz izandako aldaketak –ezagutzaren arloan zein sentsibilizazio eta jarreraren arloan–.

Azken emaitza da proiektuaren jarraipen zorrotza eta zehatza egitea, ekintza bakoitzean zehaztutako adierazle neurgarrien bilakaera baloratzeko behar diren txostenetan oinarrituta.

Lan-sare bat ezarriko da beste proiektu batzuekin, hain zuzen ere, ibaia lehengoratzeko eta ibai-ekosistemei lotutako espezieak eta habitatak kontserbatzeko helburu dutenekin. Helburua da informazioa partekatzea eta bakoitzaren esperientzietatik ikastea.

Aurreikusten da bisitak egitea beste proiektu batzuetara egindako ekintzei eta lortutako emaitzei buruzko informazioa partekatzeko, baita proiektu horien bisitak jasotzea ere.

Ekintza hori beharrezkoa da proiektuan lortutako emaitzen kalitatea hobetzeko, akatsak zuzendu eta besteen esperientziatik ikasten baita.

Proiektuei buruzko informazioa eta esperientziak partekatzea oso aberasgarria da bi aldeentzat. Honako hauek dira azken urteotan GAVRN enpresaren instalazioetan izandako bisitak:

  • Zaragozako Unibertsitatea
  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoa
  • Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa
  • Valentziako Unibertsitate Politeknikoa
  • Nafarroako Unibertsitatea
  • Valladolideko Unibertsitatea
  • WWWF/Adena
  • CEDEX
  • Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioa
  • Centro Ibérico de Restauración Fluvial
  • CERM, Centre d'Estudis dels Rius Mediterranis, Museu Industrial del Ter
  • Agencia Catalana del Agua
  • Confederación Hidrográfica del Duero
  • Confederación Hidrográfica del Ebro
  • European Centre for River Restoration
  • Bisoi europarrari buruzko lantaldea, Ingurumen Ministerioa
  • Doñanako estazio biologikoa, CSIC
  • LIFE Canal de Castilla
  • Gipuzkoako Aldundia. Ingurumen Saila
  • SECEM (Sociedad Española para la Conservación y Estudio de los Mamíferos)
  • Sindicato Mixto de Estudios y de Organización de la Garonne, Francia (SMEAG)
  • Interreg III C FLAPP (Flood Awarenes and Prevention Policy) proiektuko parte-hartzaileak.

GAVRN enpresak auditoretza independente bat kontratatuko dio beharrezko kalitate-baldintzak betetzen dituen enpresa bati. Auditoretza horren txostena Batzordeari bidaliko zaio.

Funts publikoen bitartez finantzatutako edozein proiekturen kudeaketak gardena izan behar du, gutxieneko eraginkortasun bat betetzeaz gainera; hartara, beharrezkoa da funtsen kudeaketaren eta helburuen betetze-mailaren berri ematea Batzordeari, Administrazioari eta Gizarteari, zehatz eta zorrotz ebaluatu dezaten.

Ekintza hori gauzatuta, auditoretza independentearen txostena jasoko da. Txosten horren kopia oso bat bidaliko zaio Batzordeari proiektuaren kudeaketaren ebaluazioa errazteko.

LIFE proiektua gauzatu eta gero egiteko ekintza-plan bat ere garatuko da, eta dokumentu independente gisa emango da azken txostenarekin batera. Planak zehaztuko du jarraitu beharreko planifikazioa proiektuarekin hasitako ekintzak garatzen jarraitzeko hori bukatu eta hurrengo urteetan. Plan horrek neurri eta urte batzuetarako aurrekontu sorta zehaztuko du bilatutako helburuak lortzen direla ziurtatzeko. Laburbilduz, dokumentuak xeheki zehaztuko du zer ekintza egingo diren, baita noiz, nork eta nola finantzatuta ere.

LIFE proiektuaren ondorengo ekintza-plana ezinbestekoa da proiektua garatu bitartean egindako inbertsioek irauten dutela ziurtatzeko.