Bisoi europarra (Mustela lutreola)
Desagertzeko arrisku handienetakoa duten animalia-espezieetako bat da planeta osoan. Ibai-ekosistemaren degradazioak eragin berezia du bisoi europarrengan; izan ere, espezie horrek ibaietako baso naturalak eta hezeguneak behar izaten ditu bere bizialdiko zenbait etapatan.
Bisoi europarra (Mustela lutreola) mustelido erdiakuatiko bat da, txiki samarra: lepazuria baino txikiagoa eta erbinudea baino handiagoa..
Tamainaz aparte, bisoi europarra hobekien identifikatzeko balio duen ezaugarria bere kolorea da –txokolate-marroia–; gorputz osoan zehar zabaldua du, bi orban txuri txiki izan ezik, bata goiko ezpainean, eta bestea behekoan.
Arrak emeak baino handiagoak dira; 50-55 cm bitarteko luzera dute, eta 800 gramo inguruko pisua; emeek, aldiz, 38-46 cm bitarteko luzera dute, eta 400 gramoko pisua.
Igerilari bikaina da, mintzak baititu aurreko eta atzeko hanketan, eta, horri esker, aise mugitzen da uretan. Baina lehorrean aritzen da hobekien; izan ere, figura luzexka, belarri txikiak eta buztan motza dituenez, ibaiertzeko landaredi sarrian oharkabean mugitzeko aukera izaten du.
Tamaina ertaineko edo txikiko ibaiak nahiago izaten ditu bisoi europarrak, eta, horien barnean, korronte moteleko tarteak, honako ezaugarri hauek dituztenak: tamaina txikiko ibilgu asko, uharkak eta irlak, erretenak eta beti ura eta ertz zabalak izaten dituzten eremu hezeak.
Eremu horiek guztiek landare-estaldura handia dute –sasiak, lezkak eta uholdeek ekarritako landare-hondarrak–, eta bisoi europarra horretan babesten eta ugaltzen da. Aukeraketa hori oso nabarmena da emeen kasuan, eta, bereziki, ugaltzeko garaian (apirila-uztaila).
Bisoi europarra oso lurraldekoia da, eta espazio handia behar izaten du, bere tamaina txikia aintzat hartuta. Arrek 10 kilometro inguruko eremua hartzen dute (beste ar batzuek hartutako eremuetan sartu gabe); emeak, ordea, laburragoak diren tarteetan kokatzen dira –4 kilometro ingurukoak–. Horrela, ar baten eremuak zenbait emeren eremua hartzen du barnean.
Bisoi europarra orotariko haragijalea da. Une bakoitzean gehien dagoen harrapakina ehizatzen du, baldin eta uretan edo ur-bazterretan bizi bada. Ur-arratoiak, saguak eta lursaguak, anfibioak, arrainak, eta, batez ere, karramarroak jaten ditu.
Espezie hori gehienbat ilunabarrean eta gauean aritzen da. Gau eta ilunabarretan, bisoiak elikagaiak bilatzen eta zuloz aldatzen aritzen dira; egunean oso gutxi mugitzen dira, eta betiere zuloen barnean edo horien inguru hurbilean.
Bisoi europarraren emeek martxoaren erdialdea eta apirilaren bukaera bitarte dute araldia, eta, maiatzaren erdialdea eta ekainaren bukaera bitarte, normalean mugitzen diren eremuko zati txiki batean baino ez dira mugitzen, eta hantxe izaten dituzte kumeak.
Uztailean zehar, emeak eta kumeak (1 eta 3 bitarte, normalean) gero eta eremu zabalagoan mugitzen dira, normalean mugitzen diren eremuko zati txiki horretatik kanpo. Kumeak izateko eta zaintzeko aukeratutako eremuak normalean ibiltzen diren ibaiertzetan dauden erreka txiki, adar eta irla, uharka eta hezeguneen ondoan egoten dira. Horrela, antza, maiatzean ekaitz handien ondoren gertatzen diren uholdeak saihesten dituzte.
Eremu horietan oso landare-estaldura sarria egoten da –zuhaixkak, ur-landareak, sasi handiak eta uholdeek metatutako landare-hondarrak–, bisoientzako babesleku egokia dena.
Honako hauek dira bisoi europarraren mehatxu nagusiak:
1. Bisoi amerikarraren inbasioa: estatu mailan mehatxu nagusia da.
Espezie handiagoa eta oldarkorragoa da, elikagaiak eta espazioa lortzeko lehian aritzen dena; gainera, errazago ugaltzen da. Horren ondorioz, elkarrekin bizi diren eremuan desagertu egiten da bisoi europarra.
Hasiera batean ia berdinak dira bi bisoiak; muturrean dago desberdintasun bakarra: bisoi europarrak zuri ditu goiko eta beheko ezpainak, eta amerikarrak beheko ezpaina baino ez du zuri.
Nahiz eta Nafarroako ibaietan oraingoz ez da bere presentzia antzeman, Ingurumen Ministerioak urtero egiten ditu harrapaketak inguruko autonomia erkidegoetan, espezie inbaditzaile hori kontrolatze aldera.
2. Lere habitat suntsitu eta hondatu izana ere beste faktore bat da, espeziearen gainbeherari lagundu diona.
ekazaritza-laborantzek eta makaldi-plantazioek hartu dituzte urez bete daitezkeen ordokiak; horrela, biodibertsitate-maila handi bat mantentzeko beharrezkoak diren ibarbaso naturalak eta hezeguneak inbadituta geratu dira.
Nafarroako Gobernua lanean ari da bere habitat potentziala handitze aldera, bidenabar espeziea desagertzeko arriskua murriztuta. Honako jarduketa hauek egin dira ildo horretan garatutako proiektuetan:
- Ibaiaren mugikortasuna galarazten duten egiturak ezabatzea; horren ondorioz, ibarbasoak berritu eta habitatak modu naturalean sortu dira.
- Ugalketari laguntzen dioten eremuak sortzea.
- Ibaiertzetako landaredia lehengoratzea, espeziea errazago mugi dadin, bide batez babeslekuak eskainita.
- Dokumentu tekniko bat argitaratzea; gizakion jarduerek espeziearengan duten eragin negatiboak minimizatzeko jarraibideak biltzen dira horretan.
3. Autoek harrapatuta hiltzea.
Hilkortasuna eragiten duten arrazoietako beste bat; baieztatuta dago Europako Natura Sarearen eremua zeharkatzen duten errepideetan –proiektuaren eremua–.
2007an, harrapatuta hiltzeko arriskua zuten zortzi puntu egokitu ziren guztira; gero baieztatu zen horiek guztiek erabili zituztela, bai bisoi europarrek, bai beste haragijale batzuek ere.
Gaur egun, Nafarroako Gobernuak faunarentzako pasabide egokiak prestatu ditu errepide berrietan, espeziearentzako egokiak direnak.
4. Itota hiltzea ureztatzeko sifoien barnean.
Bisoiek eta beste haragijale batzuek erabiltzen dituzte ureztatzeko sifoiak elikatzeko. Barnera egiten dute jauzi elikatzeko, baina harrapatuta gelditzen dira atera ezinik, eta itota hiltzen dira.
Laborantza ureztatuetan egiten diren berritze-lanetan, bisoia inguruan dabilela ezagutzen bada, arrapalak dituzten sifoiak egiten dira animaliak atera ahal izateko.
5. Txakur-mukieriaren birusa.
Beste mehatxu handi bat bisoiarentzat Nafarroan da txakur-mukieriaren birusak sortutakoa, bestelako haragijaleengan ere eragiten duena –basokoak zein etxekoak–. Gaixotasun hori azkar zabaltzen da dentsitate handiko animalia-populazioetan, esaterako, Arga eta Aragoi ibaietako behe-tarteetan bizi den bisoi europarraren populazioan.
2005. urtetik aurrera populazioaren oso gainbehera handia detektatu da, eta birus horren seropositiboak diren bisoiak gero eta gehiago direla egiaztatu da.
6. Bertako bisoien arteko antzekotasun genetiko handia.
Populazio dentsoa eta isolatua denez, banako guztiak oso antzekoak dira genetikoki (esan liteke lehengusuak direla); horren ondorioz, aukera gutxiago dute ingurumen-aldaketei egokitzeko, defentsa gutxiago dute gaixotasunen aurrean, eta, beraz, desagertzeko arrisku handiagoa dute.
Familiako kide bat gaixotuz gero, oso erraza da besteak ere kutsatzea, eta gaixotasunak familia osoa eta ingurukoak akabatzea.
Horregatik, lanean jarraitzen dugu populazioaren osasun-egoera kontrolatzeko eta xeheki zehazteko aldakortasun genetiko eskasaren ondorioak eta balizko soluzioak.