Life

LifeNatura

LIFE+ Bisoiaren Lurraldea Proiektua

Proiektua

Bisoi europarra (Mustela lutreola) –edo ur-ipurtatsa– desagertzeko arrisku handienetakoa duten animalia-espezieetako bat da planeta osoan. Ibai-ekosistemaren degradazioak eragin berezia du bisoi europarrengan; izan ere, espezie horrek ibaietako baso naturalak eta hezeguneak behar izaten ditu bere bizialdiko zenbait etapatan. LIFE+BISOIAREN LURRALDEA proiektuaren helburua da espezie horren populazio onenak dituzten Nafarroako ibai-habitatak lehengoratzea, hau da, Aragoi eta Arga ibaietako behe-ibilbidea.

Arga eta Aragoi ibaietako behe-ibilbidea da Natura 2000 Sarean sartutako Batasunaren Intereseko Lekuetako bat; izan ere, ibai mediterraneoaren ezaugarri diren basoak daude bertan (galeria-basoak, lertxundiak eta sahastiak), baita, besteak beste, honako animalia-espezie hauek ere: bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba (Lutra lutra), apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis), amiltxoria (Nycticorax nycticorax), eta abar. Bestelako habitat interesgarriak ere badaude bi ibai horietan –meandroak, esaterako–, oso dinamikoak izaten baitira.

Europako ibai gehienetan bezalaxe, ibairako utzi den eremu eskasaren ondorio dira espezieen kontserbazio-arazoak. Urak har ditzakeen ordoki gehienak nekazaritza-soro edo makaldi bilakatu dira, udal baten jabetzakoak, oro har. Garai batean harri-kubetak eta defentsak eraiki ziren nekazaritza eta baso-plantazioak babesteko; Argaren kasuan, hain zuzen ere, ibilgua bideratu egin zen beheragoko lurretan zeuden herriak uholdeetatik babesteko.

Defentsa-azpiegitura horiek bi ibai horien dinamika gutxitu dute, eta, horren ondorioz, erabilgarri dauden habitat naturalak gutxiago dira orain. Horrek, bere aldetik, bertako dibertsitate biologikoa mugatzen du.

Ibai-ekosistemaren degradazioak eragin berezia du bisoi europarrengan; izan ere, espezie horrek ibaietako baso naturalak eta hezeguneak behar izaten ditu bere bizialdiaren zikloko zenbait etapatan. Eremu horretan espezie horren Nafarroako populazioaren %20 dago, baita Iberiar penintsulako populazioaren bi herenak ere –2/3–. Horrek erakusten du zer garrantzitsu den, espezieak zaintzeari begira, bi ibai horietako behe-arroko ibai-ekosistemak lehengoratzea. 

Hori, bere aldetik, erantzukizun bat da, horretan eskumena duten agintariek ulertu dutena; izan ere, eremu horretan neurriak hartzea erabaki dute, bai ibai-ekosistema lehengoratzeko, bai bisoi europarraren kontserbazio-egoera hobetzeko.

Horregatik elkarlanean aritzen dira proiektu honetan Nafarroako Gobernua (ingurumen-arloari buruzko eskumena baitu), Espainiako Ingurumen Ministerioa eta Ebro Ibaiaren Uraren Agintaritza (urari buruzko eskumenak baitituzte). Honako bi enpresa publiko hauen bitartez egiten dute lan hori: GAVRN (Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa) eta TRAGSA (estatu espainiarraren enpresa publikoa). Tokian tokiko agintariek ere (12 udalerri) babesten dute proiektua.

Bazkideak


    Gestión Ambiental de Navarra, S.A. Fundación Crana Tragsa

Kofinantzatzaileak


    Gobierno de Navarra Gobierno de España

LIFE+ Ibai-lurraldearen ingurumen lehengoratzea; bisoi europarraren bizi-eremua (Mustela lutreola) | LIFE+ BISOIAREN LURRALDEA