Life

LifeNatura

HasieraJarduketa motakC. Ibai Habitataren KudeaketaC.3. Bisoi europarraren (Mustela lutreola) habitat espezifikoak berreskurat ...

C.3. Bisoi europarraren (Mustela lutreola) habitat espezifikoak berreskuratzea

Ibai-ekosistemek azken hamarkadetan jasan duten homogenizazioak zenbait habitat dibertsifikatzaile galtzea ekarri du, eta horiek funtsezkoak dira bisoi europarrak bizirik irauteko –esaterako, ibilgu nagusiaren ondoko hezeguneak–. 

Nekazaritzak eta baso-laborantzek urak har ditzaketen ordokiak hartu izanak, eta haiek babesteko lubetak eta harri-lubetak eraiki izanak, hezeguneak desagerrarazi dituzte ibai-paisaiatik, eta bisoi europarrak horiek erabiltzen zituen ugalketarako.   Espezie horrek bazter lasaiak aurkitzen ditu eremu horietan, egokiak ehizan aritzeko eta kumeak hazteko. 

Baina, gainera, hezegune eta sakan-bukaera horiek lehengoratzeak garrantzi estrategikoa du habitat horiexek erabiltzen dituzten beste espezie batzuentzat, esaterako, apoarmatu istilzalearentzat (Emys orbicularis) edo igarabarentzat (Lutra lutra), baita bertan izaten diren ur-hegaztientzat ere –lertxun gorria (Ardea purpurea) eta amiltxoria (Nycticorax nycticorax) nabarmentzen dira–. 

Proiektuak proposatzen du hezeguneak eta sakanetako ibai-ahoak lehengoratzea, funtsezko garrantzia duten habitatak baitira bisoi europarraren ugalketa-zikloan. Lau eremu identifikatu dira, Arga eta Aragoi ibaien ibilguen ondoko hezeguneak lehengoratzeko aukera eman dezaketenak –azken mendean galdu dira horiek–. Halaber, badira sakanetako bi ibai-aho, habitata lehengoratzeko modukoak, espeziearentzat egokiagoa bihurtzeko. Jarduteko sei eremuetatik, lehentasuna duten hiruetan aritzea proposatzen da, beste hirurak erreserban utzita. 

Hiru kasu horietan hezeguneak sortzea proposatzen da, antzeko ezaugarriak izango dituztenak: lursaila modu irregularrean hondeatzetik abiatuta, hezeguneak sortzea bilatuko da, ahalik eta desberdinenak eta naturalenak; horietan sakonera gutxiko aldeak sortuko dira helofitoek koloniza ditzaten; eta beste alde sakonago batzuk, ziurtatzeko ur libreko geruza bat izango dela hezeguneen alde batean.  Ibaiertzak oso zabalak izango dira, eta horrek bidea emango du, natura-ingeniaritzako (edo bioingeniaritza) teknikak erabilita ibaiertzetako landaredia birsortzeko. Erdiko aldean irla bat utziko da hondeatu gabe, intereseko faunarentzako babeslekua izango dena. Honako hauek dira proposatutako eremuak:

- El Escueral (Murillo el Fruto)

- Rinconar (Santakara)

- Filtro verde de Sotosardilla (Funes)

- Soto de Traibuenas (Murillo el Cuende)

- Molinar (Azkoien)

- La Biona (Murillo el Fruto)

Jarduketa horiek geldialdi begetatiboko hilabeteetan egingo dira (azarotik otsailera), landaketak arrakastatsuak izan daitezen errazteko. Gutxienez, bisoi europarrak erabiltzeko moduko hiru hezegune sortzea espero da, guztira, 7,6 ha-ko azalera izango dutenak.


Bazkideak


    Gestión Ambiental de Navarra, S.A. Fundación Crana Tragsa

Kofinantzatzaileak


    Gobierno de Navarra Gobierno de España

LIFE+ Ibai-lurraldearen ingurumen lehengoratzea; bisoi europarraren bizi-eremua (Mustela lutreola) | LIFE+ BISOIAREN LURRALDEA